Joxepa Antoni Aranberri
Joxepa Antoni Aranberri | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Errenteria, 1865eko urtarrilaren 7a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Errenteria, 1943ko abenduaren 29a (78 urte) |
Familia | |
Ama | Maria Luisa Petriarena |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria eta ehulea |
Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar (Errenteria, 1865eko urtarrilaren 7a - ib., 1943ko abenduaren 29a) ehulea eta bertsolaria izan zen. Etxetik zetorkion bertsotarako grina, izan ere osaba Juan Frantzisko “Xenpelar” bertsolari ospetsua zuen, eta ama ere, Maria Luisa Petriarena, bertsolaria zen anaiarekin batera sarri aritutakoa.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ama eta osaba, Joxepa Antonik lau urte zituela hil ziren baztangaz, eta aita Jabier Aranberrirekin, eta amona Rita Berrondorekin bizi izan zen.
Ehulea izan zen Errenteriako fabrika handian, bere ama Maria Luisa, anaia Joxe Frantzisko eta osaba Juan Frantzisko "Xenpelar" bezala. Hamabi urterekin (1877an) hasita lanean jardun zuen itsutu zen arte.
Etxea ez ezik, lantegia eta jostundegia ere izan zituen bertso-leku Joxepa Antoni Xenpelarrek. Beste neskatxa askorekin batera, Joxepa Antonik fabrikako lana eta jostundegiko lana bateratzen zituen. Jostundegiko kantuak eta umore ona ezagunak ziren inguruetan.
Ezagutzen zaion lehen bertso sorta 1902koa da, Ibaizabal aldizkarian argitaratutakoa. Resurrección Maria Azkuek (Kirikiñoren laguntzaz) plazaratzen zuen aldizkaria eta bertara bidali zituen, argitara zitzaten. Banaka jarritako bertso asko omen zituen, Antonio Zavalak jasotako batzuk, mantendu dira.
1923an bat-batean bista galdu eta bizitzako azken hogei urteak, 1923tik 1943ra, erdi itsututa eman zituen. Hala ere lanera joaten jarraitu omen zuen urte dezentez, nagusiak hala nahi zuelako. Berak jarritako bertsoak etxekoek idazten zizkioten. Minbiziak eraman zuen 1943ko abenduaren 29an.
Fabrikako langilea eta bertsolaria
Joxepa Antoniren bizitza eta bertsogintza ikertu duen Elixabete Perez Gazteluren iritziz,[1] bere garaian kokatu beharra dago bertsolaria: «Ez da baserritarra, kaleko bertsolaria baizik; etxeko eta fabrikako langilea da. Garai hartako emakume batek zer kontatzen duen eta bere plaza non eta nola bilatzen duen ikusteko ere interesgarria da. Emakumeak ez ziren ibiliko garai hartako sagardotegietan, baina jostundegietan biltzen ziren».
Bertsoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errenteriako jostundegiko neskekin erretratua atera eta bertsoa ere jarri zion bere buruari:[2]
« | Jeneralian erretratuan ikusten da familiya, jostundegi edo lantegietan berriz jende gazteriya; alde ortatik ez naiz ibilli, esango diet egiya: pentsatu nuen neskazar bati egitia konpañiya. |
» |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ PEREZ, Elixabete. Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar". Errenteriako Udala, 2013.
- ↑ ZAVALA, Antonio. Xenpelar eta bere ingurua. Auspoa Sail nagusia, 1993.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- PEREZ, Elixabete. Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar". Errenteria: Udala, 2013. https://web.archive.org/web/20170914173435/http://www.errenteria.info/files/Joxepa_Antoni_Aranberri.pdf
- ZAVALA, Antonio. Xenpelar eta bere ingurua. Auspoa Sail nagusia. http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/4572.pdf
- ZAVALA, Antonio. Errenteriako bertsolari zaarrak. Auspoa bilduma; 74-75. http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10614.pdf
- (Gaztelaniaz) LARRAÑAGA, Carmen. «Del bersolarismo silenciado». https://web.archive.org/web/20170914173117/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/jentil/06/06057073.pdf
- ASTIZ, Iñigo. Emakume zen Xenpelar. Berria, 2014-08-29. https://web.archive.org/web/20180724062753/https://www.berria.eus/paperekoa/1859/022/001/2014-08-29/emakume_zen_xenpelar.htm
- ZABALA, Juan Luis. ««Joxepa Antoni Aranberri, jostundegiko bertsolari ausarta». Berria, 2013-05-28. https://web.archive.org/web/20170914173133/http://www.berria.eus/paperekoa/1487/037/001/2013-05-28/joxepa_antoni_aranberri_jostundegiko_bertsolari_ausarta.htm
- Olatz Arbelaitz. Ada eta Joxepa Antoni emakume aitzindari bertso-sorta. “Emakumeak eta Teknologia” sorkuntza-lanetarako Ada Lovelace lehiaketako irabazlea. Donostiako Informatika Fakultatea, 2015-12-14.
- (Gaztelaniaz) Conferencia y bertsos para recordar la figura de Joxepa Antoni Aranberri, 'Xenpelar'. Diario Vasco (2014-10-08)